Gure Xabiertxo
“Xabiertxo liburu bikaina izan da, guztiok maitatu izan duguna. Gaur egun ugariak dira ikastoletarako prestatu diren liburuak. Ezin dezakegu ahaztu, ordea, Xabiertxo izan zela ondoren etorri diren gainerako guztien aitzindari eta iturri modukoa”.
Xabier Peña Albizu
XABIERTXOk laurogeita hamar urte betetzen ditu. Euskaraz irakurtzen ikasteko XX. mendeko libururik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Haur-irakurketako entziklopedia txiki hori ondoz ondoko hainbat gazte-belaunaldik erabili izan dute berrogeita hamar urtean baino gehiagoan, aurreko gizaldiko hogeiko urteetako hamarkadatik hirurogeita hamar urteetako amaiera arte.
Gainera, nazioarteko aitorpena ere badauka, haur-liburuen ohorezko zerrendan txertatu zutenetik; hain zuzen ere, Nazio Batuen Haurren Nazioarteko Urtean eman zioten aitorpen hori (1979).
Baina, zalantzarik gabe, XABIERTXOk daukan aitorpenik handiena hainbat belaunalditako euskaldunen maitasuna da, Ixaka Lopez Mendizabalen lanaren bidez ikasi baitute irakurtzen eta mundua ikusten, John Zabalo Ballarín Txikiren irudi grafikoarekin.
Irakurle gazte horiek, sentipenetik, hitzak jartzen jakin zuten Euskalerriaren Alde sariaren epaimahaia ezgai sentitu zen lekuan:
“Lan honetan [XABIERTXO] euskara garbia eta xumea aurkitzen du, oso egokia haurrentzat; gai eta testuen mailakatzeak, errazenetik zailagoak diren eta ahalegin handiagoa eskatzen duten beste batzuetara; hondo atsegin eta askotarikoa, liburua atsegin eta interesgarri bihurtzen duena, eta hitz batean, zabalgarritasun eta ulerterraztasunerako baldintza bereziak, zeinak, berekin batera forma-soiltasun handi bat dakartenez lotuta, hala ere, hain zailak baitiren gauzatzen nola txosten batean zehazturik eta finkaturik uzten”.
XABIERTXO beharrizan baten ondorioz munduratu zen: euskaraz ikasteko irakaskuntzako eta prestakuntzako materialak, alegia, euskara irakaskuntzako hizkuntza izatera iritsi zen unean, hain zuzen.
Euskal kultur berpizkundearen, Euskal Pizkundearen, seme da. Liburuaren jaiotze-data ere ez da kasualitatea: hogeiko urteak. Eta liburu horren historia, hortik aurrera, Euskal Herriaren, euskararen herriaren, historiarekin mimetizatzen da ondoz ondoko neska-mutil belaunaldien lehen irakurketetarako erabili zen mende-erdian baino gehiagoan.