top of page

Gure Xabiertxo: erakusketa

Gure Xabiertxo Eusko Legebiltzarrak eta Sancho el Sabio Fundazioak sustatu duten erakusketa-egitasmoa da, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo liburuan oinarritua: umeek euskaraz irakurtzen ikasteko XX. mendeko metodo nagusian, alegia. Aparteko lan bat da, liburu bikaina, aparteko gizon-emakume batzuei esker egia bihurtu zena.

 

Erakustaldi hau Legebiltzarreko zerbitzuek eta Sancho el Sabio Fundazioak taxutu eta antolatu dute. Erakusketak, gainera, Euskal Irrati Telebistaren parte-hartzea eta Andra Mari Abesbatzaren eta Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboaren laguntza ere jaso ditu.

 

Sancho el Sabio Fundazioaren bibliografi funtsarekin batera, Euskaltzaindiak, HABEk eta Arabako Lurralde Historikoko Artxiboak ere ale batzuk laga dituzte erakusgai jartzeko.

 

Eusko Legebiltzarraren eta Sancho el Sabio Fundazioaren arteko lankidetza ez da berria. Legebiltzarraren eratzearekin hasi zen, eta hainbat arlotako (artxiboa, liburutegia eta dokumentazioa) esparru-hitzarmenen bidez gauzatu da, ondare bibliografiko hori herritarren eskueran jarri ahal izateko.

 

Denok betetzen ditugu urteak. 2015ean, Xabiertxok, laurogeita hamar; Eusko Legebiltzarrak, berriz, hogeita hamabost. Sancho el Sabio Fundazioak, 2014an zehar, Euskal Kulturaren Dokumentazio Zentro gisa sortu zeneko mende erdia ospatu du. Sancho el Sabio Fundazioa, hain zuzen, Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzari dagokio, eta erreferente izan da euskal kultura-ondarearen bilketan, kontserbazioan eta zabalkundean. 1964tik egin duen etengabeko lanari esker, bilduma dokumental paregabekoa osatzea lortu du, eta erreferentziako erakunde bihurtu da Euskadin.

 

Xabiertxo, Ixaka Lopez Mendizabalen lana, Txiki Zabaloren irudi grafikoarekin jantzia, ez dugu ausaz aukeratu. Euskal Pizkundea deritzan kultur berpizkundearen emaitza izanik, "Xabiertxo liburu bikaina izan da, guztiok maitatu izan duguna, gainerako guztien aitzindari eta iturri". 2015ean, lehen aldiz argitaratu zeneko 90. urteurrena beteko da, eta entziklopedia txiki hau ondoz ondoko hainbat belaunaldik erabili izan dute etenik gabe. Haren gorabeheren bidez, gure herriaren azken aldiko historiaren zati bat gogoratu dezakegu.

 

Xabiertxoren inguruan egituratzen da, hain zuzen, erakusteka hau. Pentsamolde pedagogiko berritzailea izanik, liburuaren argitaraldi bakoitza euskarazko irakaskuntzaren historiaren eta gorabeheren denborazko lekuko modukoa da, bai eta XX. mende osoko euskal kulturaren eta gizartearena ere, bereziki 1925 eta 1980 bitarteko aldian.

 

Xabiertxoren eta bere argitaraldiekin lotutako gizataldearen bideak gurutzatu egiten dira XX. mende korapilatsu horretan. Ondoz ondo datoz sustapena, arrakasta, jazarpena, suntsipena, erbestea, klandestinitatea, permisibitatea eta, azkenean, bibliografi ondare gisa izan duen aitorpena, Xabiertxo Haurren Nazioarteko Urtearen ohorezko zerrendan txertatu zutenean.

 

Ondare aberats hori duzue erakusgai Eusko Legebiltzarraren eta Sancho el Sabio Fundazioaren erakusketa honetan, Ixaka Lopez Mendizabalen liburuaren eta Txikiren irudien bidez ludia ikusten ikasi zuten hainbat belaunalditako milaka lagunen maitasunaren oihartzunarekin batera. Erakustaldiak gogorarazten digu Xabiertxok bizirik dirauela geure artean.

 

bottom of page