top of page
Anchor 29

Panelak

1925 Xabiertxoren urtea

Botere politikorik gabe, aitorpenik gabe 1876tik, gure herriak aldaketa eta eraldaketa garai bat bizi zuen. Aldi horretan berean hasia zen kultur berpizkunderako mugimendu bat. Euskal Pizkundea deitu izan diogu mugimendu horri, eta haren lehenengo kezka-iturria izan zen egituratze kultural eta sozialaren premia.

 

Euskararen agonia-egoera kezkagai gero eta handiagoa izan zen XIX. mendearen azken laurdenean, euskararen eremu osoan, Bidasoaren alde batean zein bestean. Euskararen atzerabidea nabarmena zen: ez zeukan aitorpenik eta baztertuta zegoen eskolan, eta gaztelaniazko eta frantsesezko eskolatzea orokortzen hasia zegoen.

 

  • Eskualzaleen Biltzarra, Hondarribia, 1901, euskara eta euskal kultura babesteko eta sustatzeko elkartea.

  • 1918, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos sortzea: "Biltzea hango eta hemengo euskaltzale guztiak, Euskal Herriaren nortasuna lehengoratzea irrikatuz bitarteko egokien bidez kulturaren biziberritzea helburutzat dutenak".

II. Biltzarra, 1920, "irakaskuntzaren eta arazo sozialen inguruan"

  • 1919, Euskaltzaindia sortzea.

  • Lehenengo ikastolak (1897, lehena Bilbon, Resurreccion Maria Azkuek sortua; 1914, Migel Muñoa Pagadizabalek Donostian sortu zuen ikastola, ondorengo ikastolen eredu izan zena).  

  • Gasteizko seminarioa, kultur zabalkundearen gunea: Jose Migel Barandiaran (1913) eta Manuel Lekuona (1917), irakasle.

  • 1922ko urtarrilaren 9a, ikastola sortzea Tolosan, mugimendu kultural eta politikoaren poloetako batean.

  • Euskalerriaren Aldek bere eginkizuntzat hartu zuen euskarazko ikasmaterialak sustatzea, euskararen prestigioari eta garapenari begira, euskara eremu guztietara zabaltzeko.

 

  • Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) debekatuak zituen euskal abertzaletasunaren adierazpen politikoak, eta ixteko zorian jarriak zituen sortzen ari ziren ikastolak.  

 

  • Ixaka Lopez Mendizabal

    • Filosofia eta Letretan doktore, Zuzenbidean doktore, jarduneko abokatu eta laguntzailea famili moldiztegian. Idazle eta ikertzailea.

    • Euzko Alderdi Jeltzaleko kide, lehen Gipuzko Buru Batzarreko kide (1908), EAJ-PNVren zinegotzia Tolosan (1916).

    • Nazionalitateen III. Konferentziarako euskal ordezkaritzan parte hartu zuen, Lausanan, 1916ko ekainaren 27-29an.

Joxe Eizagirrek, Koldo Elizaldek eta Ixaka Lopez Mendizabalek autodeterminazio-printzipioa aldeztu zuten,

  • Eskualzaleen Biltzarreko, Eusko Ikaskuntzako, Euskaltzaindiko kide sortzailea…

 

Xabiertxoren lehen argitaraldiko eskaintzan, hau idatzi zuen Ixaka Lopez Mendizabalek: “nere seme XABIERTXOri”. 1925ean jaio zen Xabier Lopez-Mendizabal Olano, Ixakaren eta Antonia Olano Mujikaren seme zaharrena. Literatur lan oro semetzat edo alabatzat sentitzen omen du egileak; Xabiertxoren kasuan, hori egia zen. Are gehiago, haur-irakurketako entziklopedia txikiak mundua erakusten zien umeei, bi pertsonaiaren, bi anai-arreben arabera: lanari izena ematen dion Xabiertxo haurra eta haren arreba Iziartxo. Ixaka eta Antonia senar-emazteek hiru seme-alaba izan zituzten: Xabier, Izaskun eta Ixiar.

 

Xabiertxo saritu egin zuen 1923an Euskalerriaren Alde elkarteak, garai hartako kultur aldizkari nagusiak (eta saria ez zen eskasa: 500 pezeta, Donostiako Udalak emanak).

 

"Ez degu silabario ta umeei ikastetxean sartzerakoan lenengo ematen zaieten idaztitxo oietakorik eskatzen. Zerbait irakurtzen ondotxo dakiten umeei ikastetxietan ikasten dan guzia irakurtzen erakusteko idaztia nai degu. Zailtasunak aukerazko mallatan jarrita dauzkana, atsegin eta erakusle dana, guzientzat naitasunez betetako bizitza zuzen ta garbia errez eta umeak gogoz irakurtzeko erraz erakusten duana. orixe izango litzateke guri gogoa beteko liguken idaztia" .

 

Ixaka Lopez Mendizabalek lehiaketaren neurrira egin zuen Xabiertxo. Hogeiko urteetako europar pedagogi abangoardiarekin bat eginik, Ixakaren eta Txikiren lanak entziklopedia txiki baten moduan funtzionatzen du, testu-bilduma bat, neska-mutilak prestatzeko eta hezteko eta irakurleak sustatzeko ipuin txiki batzuk.

 

Xabiertxok bi urte behar izan zituen saria jaso zuenetik 1925ean argitaratu zen arte; Ixaka Lopez Mendizabalek Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan zuen horretarako, argitalpena babestu baitzuen.

 

Xabiertxo, orduan benetako umeekin gertatzen zen bezala, etxean jaio zen ("Tolosa'n E. Lopez etxean") eta bere aita Eusebio 1929an hil ondoren Ixaka Lopez Mendizabalek bere gain hartu zuen moldiztegian. Hantxe, garai hartan beste iraultza bat gertatu zen lekuan: liburu eta ikasmaterialen inprimatze-lan eta aurkezpen modernoaren iraultza. Aldaketa hori, izan ere, hogeiko urteetatik aurrera gertatu zen, eta Euskadiko argitalpenaren eremuan modernitatea sartzea ekarri zuen. 

 

Xabiertxo kristau humanismoaren liburu bat da, argiro katolikoa, baina edozein fanatismo edo integrismotatik urrundua. Giza arrazei eskainitako kapitulua adibide on bat izan daiteke:

 

"ABENDAK. Gizon guziak soña berdintsua dute. Bañan larruaren margoa ez dute berdina. Ludi ontan abenda asko dira. Batzuek, larrua zuri dute. Besteak, oria. Besteak, gorria. Besteak, beltza. Bañan guziok, Jainkoaren semeak gera eta geren artean anayak".

Anchor 30

1932 Xabiertxo eta kultur berpizkundea

Hogeiko eta hogeita hamarreko urteen artean, belaunaldi-ordezkapena gertatu zen euskararen eta euskal kulturaren munduan. Belaunaldi berri bat jartzen da euskal kultur berpizkundearen, Euskal Pizkundearen, zuzendaritzan eta makina-gelan. Jose Ariztimuño Olaso (Aitzol ezizenez ezagutua) apaiz eta intelektuala izango da zuzendari nagusia une horretatik aurrera. Ixaka Lopez Mendizabal izango da, hain zuzen ere, belaunaldien arteko zubi-lana egingo duen pertsonetako bat. 

 

  • Eusko Ikaskuntzak euskal gizartearen egituratze sozial, kultural eta politikoarekin jarraitzen du.

  • Euskaltzaleak: Lizardiren eskutik, Aitzolek, 1930ean, Euskaltzaleak taldearen lehendakaritza hartu zuen. Eusko Ikaskuntzaren adar hori Euskadiko kultur eragile bihurtu zen.

  • Primo de Riveraren diktadura erori berritan, El Día egunkaria kaleratzea sustatu zuen 1930ean –Euzkadiren Gipuzkoako baliokidea–, eta bere ekintza politiko eta kulturalaren hedatzaile nagusi bihurtu zuen.

  • Yakintza (1933, euskal kulturari buruzko aldizkari berria).

  • Euskaltzaleak elkartetik, "eskola euskalduntzearen" aldeko kanpaina bati ekin zion Aitzolek 1931ko otsailean. Behin Errepublika aldarrikatu zelarik, bi hizkuntzako eskola ezartzea eskatu zuen.

  • Poxpoliñak: neska-mutilei zuzendutako euskarazko jarduerak antolatzen zituen haur-mugimendua, Ramon Laborda apaizak sortua eta garatua.

  • Euskal irratsaioa: 1932ko martxoaren 2an, Ander Arzelus Luzearek eta Joseba Zubimendik zuzenduta, Euskal irratsaioaren programazioa hasi zen; euskarazko irratia aisiaren, kulturaren eta musikaren komunikaziorako eta hedapenerako tresna moduan sortu zen.

  • II. Errepublika, askatasun handiagoko aldi bat, mugimendu kultural eta politiko hura aitortu ez zuena, behin baino gehiagotan isun eta debekuak jasan baitzituen.

  • “Aitzol agurgarriari bosteun laurlekoko isun bi leporatu deutsez. Txindi asko baleuko be. Yakintza aterateko obeak eta biarragoak dauz laurleko orrek. Txarragoa izango da Artola jaunak beste bosteun laurleko kendu gura badeutsez. Oraingoan aberastuko dira espainiarrak”.

 

Ixaka Lopez Mendizabal eragile aktiboa izan zen EAJ-PNVren bateratzean (1930). Tolosako Udaleko zinegotzi hautetsia (1931, Doroteo Ziaurritz alkate zela). Ixaka Lopez Mendizabal Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen (1934-1935); haren ondoren, beraren herrikide, alderdikide eta adiskide Doroteo Ziaurritzek hartu zuen ardura hori.

 

Lopez-Mendizabal argitaletxea, garai hartan, euskararen eremuko argitalpen-erreferentzia nagusia bihurtu zen. Handik argitaratzen ziren aldi hartan ikastolen prestakuntza-beharrizanak estaltzeko ikasmaterial gehienak. Euskaltzaleak ikastolak irekiz joan ziren hainbat tokitan, hala nola Tolosa, Donostia, Bilbo, Gernika, Iruñea, Lizarra, Elizondo… halako eran, non 1936an berrogeitik gora ziren Euskadi osoan sortutako eskola-taldeak.

 

Lopez-Mendizabalek publizitateaere erabili zuen 1932an argitaratutako Xabiertxoren argitaraldi berria zabaltzeko eta jendarteratzeko, eta horrela ikastola haietako materialik ezagunena bihurtu zen Xabiertxo.

 

El Día: "Argitaratu berri da haurren irakurketarako bigarren argitaraldi hau, hainbat koloretan xarmantki argitaratua. Oparitzeko libururik onena, bere aurkezpen miresgarriagatik".

Anchor 31

1936 Xabiertxo sutara

Nekez susmatu zezaketen Tolosako ikastolako neska-mutil eta andereñoek (Jesus Elosegiren objektiboak, hain zuzen, 1936ko uztailaren 15ean fotografiatu zituen ikastolako gelan eta kanpoan), beren bizitzek uztailaren 18an, hiru egun geroago, jasango zuten aldaketa.

 

1936ko abuztuaren 12an, liburu-txondor bat sutan zegoen Tolosako Plaza Zaharrean, udaletxearen aurrean. Frankistak, zeinek Tolosako herria hartu berri baitzuten, Lopez-Mendizabal argitaletxea arpilatzen ari ziren.

 

Andres Irujo: "Makinak, liburuak, altzariak eta tresnak, dena banatu zuten res nulius balira bezala”.

 

Xabiertxo ere plaza erdian egindako su-metan erre zuten.

 

Udaletxeko plazan sutan zegoen liburu-txondorra bereziki handia zen. Ez zen gutxiagorako; Ixaka Lopez Mendizabal idazle, inprimatzaile eta argitaratzailearen liburutegi pertsonala eta idazlanak ziren. Baina zati txiki bat baino ez zen; izan ere, Tolosako udaletxeko galdarak, pizten zirenean, Ixakaren liburuekin zebatu ziren hainbat eta hainbat urtetan, Tolosako Udaleko aguazil batek berrogei urte geroago Xabier Lopez-Mendizabali aitortu zionez.

 

1937ko otsailaren 1ean, José María Arellano Igeak, Gipuzkoako gobernadore frankistak, liburuak liburutegi eta eskoletatik xahutzeko agindua eman zuen: "Ezabatu egingo dira ondorengo ataletan bilduta dauden liburu, liburuxka, opuskulu, aldizkari eta egunkariak: zuzenean edo zeharka Espainiako Aberriaren batasunari eraso egiten dioten guztiak, eta esanahi horrek zehazki argitalpen nazionalista guztiak barne hartzen ditu".

 

Xabiertxo xahutu egin zuten liburutegi eta ikastetxeetatik.

 

Ikastolek patu bera pairatu zuten: hilabete batzuen buruan, denak itxita eta debekatuta zeuden. Sustatzaileetako batzuk armetatik pasarazi zituzten –Aitzol izan zen paradigma–. Eta irakasleak, lehenengo andereñoak, purgatu, edo ihes egitera behartu; eta batzuetan espetxeratu eta laidoztatu.

 

Bien bitartean, Lopez Mendizabalek Euzko Alderdi Jeltzalearen mandatu bat jaso zuen. "Gure aita –dio Xabierrek– Ipar Euskal Herriko bere lagunekin kudeatzen ari zen balizko harrera. Auto bat zeukan bere eskueran, alde batetik bestera ibiltzeko, ezaugarritzat ikurrin bat zuela. Gure aitaren eginkizuna beharrezkoa eta premiazkoa zen laguntzak lortzeko eta Eskualzaleen Biltzarreko bere lagunak kontzientziatzeko eta, haien bidez, auzapezak eta beste agintari batzuk, beren bizia salbatu nahi zuten dohakabe gaixo haientzako laguntza lortzeko".

 

Irailaren hasieran, Lopez-Mendizabal Olano sendi osoa Donibane Lohizunen zegoen babestuta. Ixakak iheslariei laguntzeko zereginekin jarraitu zuen. Horretarako, Manuel Ynchaustiren finantziazioa eduki zuen. Eusko-filipinar jatorriko negozio-gizon dirudun bat zen Ynchausti jauna.

 

Ixiar Lopez-Mendizabal: "Gogoratzen dut Ynchaustik dirua ematen zuela ezer gabe, esku bat aurrean eta bestea atzean, iristen ziren pertsonak mantentzeko. Dirua nire aitari ematen zion, eta hark banatu egiten zuen, nondik zetorren jakinarazita. Gogorarazi behar da: euskal aberatsetatik, Ynchausti izan zen herri honengatik eta bertakoengatik dirua eman zuen bakarrenetakoa".

 

Lehen garai hartan, han elkartu ziren beren familiekin batera beren etxeetatik ihes egindako ekintza kultural eta politikoko lagun askorekin. Han zeuden, halaber, John Zabalo Ballarín Txiki, Xabiertxoren aita grafikoa, eta Antonio Maria Labayen, Tolosako alkatea, bai eta antzerki-idazle eta kultur eragilea ere.

 

1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratu zuten euskal udalerrietako udal hautetsiek, Bilbon egin zen boto haztatuaren bidezko hauteskunde batean. Egun hartako arratsean, kargudunen batzarra Gernikako Juntetxe historikoan bildu zen, Euzko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko. Jose Antonio Agirrek karguaren zina egin zuen Gernikako arbolaren pean, eta bilkura hartan bertan bere programa aurkeztu eta lehen Euzkadiko Jaurlaritza osatu zuen.

 

 

Euzko Jaurlaritzak euskara ofizial deklaratu zuen –historian lehen aldiz euskarak ofizialtasun-estatusa lortu zuen–, eta gure hizkuntza eguneroko bizitzaren hainbat eremutan sarrarazten hasi zen, hasi aldizkari ofizialetik (ele bitan jaio zen Euzkadi'ko Agintzaritzaren Egunerokoa) eta irratian euskarazko albistegiak sartzearekin amaitu, eta, tartean, Eguna euskarazko lehen egunkaria sortzea. Unibertsitate-egitasmo bat sortzea ere txertatu zuen, eta handik sortu zen Medikuntzako Eskola. Aurrerabide hura guztia etenda geratu zen Euskadi frankisten eskuetan erori zenean, 1937ko uztailean, hain zuzen.

 

1938ko udazkenaren erdialdean, Ixaka Lopez Mendizabal Ameriketara abiatu zen, Agirre Lehendakariak izendatutako Euzko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kide moduan.

 

Argentinara bidaiatu zuen, eta Donibane Lohizunen utzi zituen emaztea, Antonia Olano Muxika, eta hiru seme-alabak, Xabier, Izaskun eta Ixiar.

 

Horrela idatzi zion, eskolako noten atzeko aldean, Argentinan zen aitari Izaskun alabak:

 

Agur Aitatxo: Amatxok esan dit zuri zerbait idatzitzeko ara emen nere lan txiro eta laburra. Ikastolara pozez juten gera. Ikasi ere zer bait beti, oraindik txikia naiz baña emendik aurrera, Xabier bezin aurrea jun nainuke. Amerika polita al da? Añanak esaten digu orrera jun bearko dugula noski, bananak jatera, pozik joango gera. Beste guztiak idatziko dizue ta ni bukatzera noa. Artu zazu bada nere muxu goxo ta maitekorrak, zure alabatxo.

Miren Izaskun

 

Anchor 32

1941-1943 ¡Qué lindo! Xabiertxo Argentinan

  • 1938ko azaroaren 15ean iritsi zen Buenos Airesera Euzkadiko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Ramon Aldasoro Galartza, Ixaka Lopez Mendizabal, Santiago Cunchillos Manterola eta Pablo Artxanko Zubirik osatua. Agirre Lehendakariak bidali zuen ordezkaritza hori, Argentinako Errepublikan bizi ziren euskotarren eta haien ondorengoen babesa erakartzeko.

  • 1939ko hasieran, Euzkotarren Aldeko Alkartasuna sortu zuten, Sebastian Amorrortu Beitia lehendakari zela.

  • 1939ko maiatzaren 10ean argitaratu zen Euzko Deya. La voz de los vascos en América aldizkariaren lehen zenbakia, eta Ixaka izan zen lehen zuzendaria.

  • 1939ko abuztuaren 30ean, Euskal Immigrazioaren aldeko Komitea eratu zen.

  • 1940ko urtarrilaren 20an, Argentinako Errepublikako lehendakari Roberto Ortiz Lizardik dekretu bat aldarrikatu zuen, zeinaren arabera Espainian edo Frantzian bizi diren euskal herritarrak Argentinan sartzea ahalbidetuko baita, daukaten dokumentazioarekin eta Euskal Immigrazioaren aldeko Komitearen berme moral eta materialarekin, kasu bakoitzerako.

1940ko otsailaren 7ko jakinarazpena, Jose Antonio Agirre Lehendakariak Manuel Irujori:

"Gaurko gutunak xede nagusitzat du zuri jakinaraztea Argentinaren dekretua, Ortiz presidenteak berak sinatua, euskotarrei lurralde hartan sartzeko esklusiba ematen diena, garrantzi politiko eta balio internazional apartekoa dela, ziurrenik gure azkeneko lorpenetatik ezeinek izan ez duen bezalakoa. Dekretuaren kopia ere eransten dizut, zeina, bestalde, suposatzen dut irakurria duzula Buenos Aireseko Euzko Deyan. Ramon Aldasorok idatzi dit, eta esaten dit euskotarren artean dagoen emozioa eta gogoberotasuna egundokoa dela. Sendetsita dago herri gisa dugun nortasuna. Imajina ezazu zein den gure gogobetetasuna, kontuan izanik hegoamerikar Errepublika indartsuenean sar gaitezkeela gure Igarobidean emandako bisatuarekin.”

Antonia Olano eta haren seme-alaba Xabier, Izaskun eta Ixiar 1940ko abenduaren 12an iritsi ziren Argentinara, dekretu horri esker. Roberto M. Ortizen –eta haren ondorengo Ramón S. Castilloren– presidentzia pean, dekretu horri esker, euskotar ugari iritsi zen Argentinako Errepublikara, 3.000 inguru. Dekretu hori salbuespen ohoragarri bat zen euskotarrentzat, Argentinak immigrazio masiboari galga jarria zion garai hartan. Horrela, bada, Argentina izan zen 1940an (II. Mundu Gerraren garaian) Ameriketan euskal iheslariak hartu zituen herrialde nagusia.

 

Euzko Deyak 1941eko martxoaren 30ean iragarri zuen Xabiertxoren berrargitalpena, eta emanaldika argitaratu zen aldizkari berean:

 

"Euskara gaur egun esetsirik dagoelarik hainbat milaka urtez hitz egin izan den lurrean bertan, eta itxirik euskararen eskolak, sutondo zaharraren xeran ezkutatu eta bildu da, askatasun-egun irrikatuen esperoan. Baina Argentinako lurretan, non ez den ezagutzen halako jazarpen ulergaitz eta bidegaberik, badaude oraindik euren hizkuntza maite duten eta euren seme-alabei helarazi nahi dieten euskaldunak, arbasoengandik jasotako harri bitxi gisa. Hortik dator, hain zuzen ere, gure lagun askoren ekitea Xabiertxo berrargitaratzeko, eta gaurtik ondoz ondo agertuko da Euzko Deyan. Gure irrikarik onena litzateke gero Xabiertxo liburu berezi bezala argitaratzea, bai eta euskal abestien eta herri-olerkien bilduma, ipuinena, etab. ere. Maila ekonomikoko zailtasunek eragozten digute oraingoz liburutegi txiki hori sortzea, baina uste dugu aski preziatua izango litzatekeela. Espero dugu, dena dela, hori guztia konpontzea denborarekin. Bien bitartean, gure lan apal honi ekiten diogu Xabiertxo argitaratuz".

 

  • 1941eko azaroan, Ixaka Lopez Mendizabalek eta Andres Irujok, Sebastian Amorrorturen laguntzarekin, Ekin euskal argitaletxea sortu zuten.

 

Ixiar Lopez Mendizabal: "Sebastian Amorrortu eta haren sendiagatik izan ez balitz, ez zen gauzatu ahal izango zabalkunde hori, eta uste dut ekarpen garrantzitsua izan dela erbesteko kulturari eta euskal kulturari".

 

Euzko Deyak 1943ko ekainaren 20an iragarri zuen Argentinan argitaratuko zela haurren irakurgai-liburua.

 

"Zein urrun dauden garai haiek non uste baitzen euskara ezin zitekeela idatzi edo ezin zela atxiki arau gramatikal batzuetara! Euskara idatzi, idatzi zen, eta gero bere arau gramatikalak formulatu ziren, lexikoa ere hiztegitan jaso zen, literatura- eta zientzia-kulturaren igarobide izan zen, eta egunkarietan ere idatzi zen. Hala ere, gure hizkuntzak atzera egin zuen alboko hizkuntzen aurrean. Alde batzuetako haur eta gazteak euskara ahaztuz joan ziren. Norena zen atzerabide horren errua? Seme-alaba euskaldunak zituzten guraso euskaldunek umeen eskolatze-politika gaztelaniazkotzaileari aurre egiteko euskarazko liburu egokirik ezari egozten zioten; izan ere, Espainiako Estatuko legediaren mende zeuden eskolak hortik pasarazten zituen gure haurrak. Eskolatzearen hutsune horietako bat betetzeko atera zen Xabiertxo liburua. Azken urteotan euskarak bere burua defendatzeko arma guztiak zeuzkan, bat izan ezik: botere publikoaren babesa. Xabiertxo liburuaren egilea, Isaak Lopez Mendizabal jauna, pertsona aski ezaguna euskal mugimenduan, berpizkunde euskaltzalearen bidegile nagusietako bat da. Lan hori 1923. urtean [sic] atera zen lehen aldiz. Orain, hemen, Buenos Airesen, hirugarren argitaraldia izan berri du".

 

Euzko Deyak eman zion publizitateari esker –"Laburbilduz, Xabiertxo liburu polit bat da, euskotar guraso guztiek euren seme-alabei oparitu behar dietena”–, 1943an Sebastián de Amorrortu e Hijos tailer grafikoetan inprimatu zen amerikar argitalpenak hedapen zabala izan zuen.

 

 

Anchor 33

1951 Xabiertxo isilekoa

Beraz, Xabiertxoren hirugarren argitaraldia Ameriketan, askatasun-lurrean, atera zen; baina, ia aldi berean, irakurketa-liburua berriro erabiltzen hasi zen frankistek okupatutako Euskadin, ezkutuan eta sekreturik handienean sortzen ari ziren ikastola klandestinoetan. Egia da ere ez zitzaiola inoiz utzi irakurketa-liburu hori erabiltzeari, Euskal Herri kontinentalean bazen ere. 

 

Elbira Zipitriaren biografiak esaten digu lehenengo ikastoletako andereño hura “Labaiendarrekin bizi izan zela Saran eta lapurtar herri hartan etxe-ikastolan lana egin zuela hemendik joandako sendien haurrekin. Frantsesa ongi ikasteko aprobetxatu zuen. Eta bere ahizpa mojarekin eta beste irakasle batzuekin harreman sakona zuenez gero, frantziar metodo pedagogiko aurrerakoiak bereganatu zituen. Hango urteak egin ondoren, Donostiara itzuli zen eta Arriola sendagilearen etxean berrekin zion bere lan pedagogikoari, 1942an. Handik urtebetera Goenagatarren etxera igaro behar izan zuen, ikasleen kopuruak toki handiagoa exijitzen baitzuen".

 

Xabiertxo Elbira Zipitriaren irakaskuntza metodoaren gakoa bilakatu zen, Karmele Esnalek adierazi zuen moduan: "Elbira Zipitriaren eskola oso dinamikoa zen eta oso aktiboa. Matematikak adibidez, era aurrerakoi batean ematen zituen. Lehendabizi zen gauza logikoa eta gero eransten zion abstrakzioa eta teoria, zenbakiak eta matematikako ikurrak erantziz. Bere material guztia hori zen; txotxak, pottokak edo kanikak, arkatz gorri eta urdina, dibujoko bloka eta Xabiertxo".

 

Elbira Zipitria ez zen hutsetik hasi. Gerra aurretik argitaratu ziren ikasmaterialak berreskuratu zituen, eta horrela, Xabiertxo ikastola klandestinoetan euskaraz hezten ari ziren neska-mutil haien eskuetara iritsi zen, beste batzuekin batera: Martin Txilibitu, Umearen laguna, edo Pirmin Iturriotz apaizak idatzitako Lutelesti eta Txomiñ ikasle, bai eta bere garaian Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin argitaratu ziren prestakuntza-materialak ere, hala nola Zenbakizti-lengaien ikastia.

 

Xabiertxo izan zen, hain zuzen ere, Jose Luis Alvarez Enparantza gazteak baliatu zuen tresnetako bat, 1946an, 17 urte zituela, euskara berreskuratzeko bideari ekin zionean:

 

"Euskarazko liburuen artean, gogoan dut Xabiertxo bat; bai eta Aita Bera eta Lopez Mendizabalen hiztegi bikoitz eta lodia. Hain zuzen ere, horixe izan zen urte batzuetan eduki nuen hiztegi bakarra. Euskara ikasi nahi nuen. Baina ez nekien nondik hasi. Gure litografian, gure osaba Migel Alvarez Iraolaren bitartez, Lopez Mendizabalen euskarazko liburu batzuk zeuden, gure aitaren anaia haren legezko ordezkari moduko bat baitzen. Ixakaren ihesaren ondoren, eta urte luzeen ondoren, misterio pixka batekin, han zeuden Tolosatik ekarritako liburuak".

 

Miren Karmele Mitxelena: "Oso aukera txikia zen. Guretzat, zerbait bitxia bazen, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo zen. Gai guztiak ukitzen zituen liburuxka genuen. Entziklopedia txiki bat bezalakoa zen. Baina ale gutxi ziren eta ez zegoen berrargitaratzerik...".

 

Zentsurari iskin egin behar zitzaion.  

 

1947an, Antonio Maria Labaienen Escenas papeleras: a la sombra de la celulosa en mi pueblo liburua erretirarazi zuten, Ixaka Lopez Mendizabalen aipamen batzuk jasotzeagatik.

 

Xabiertxo sekretuan jaio zen. 1951. urtea zen, eta Maritxu Barriola Irigoien izan zen bataio hartako amabitxia. Ixaka Lopez Mendizabalen baimenarekin, isileko argitaraldi bat sustatu zuen. Horretarako, Migel Alvarez Iraolak 1932ko argitalpenaren kopia zehatz bat inprimatu zuen Donostiako bere litografi enpresan.

 

Maria Dolores Goiak gogorarazten duenez, berrargitalpen klandestinoaren ale bakoitzak 1951. urteko 68 pezeta balio zituen.

 

Anchor 34

1959-1965 Xabiertxo Bizkaian

Zortzi urte igaroak ziren isilean Xabiertxoren argitaraldia egin zenetik, eta 1959an beste berrargitalpen bat izan zen, hura legala, Karmelen gidaritzapean. Bizkaiko karmeldarren ordenako aldizkari hori 1957an birsortu zen, eduki erlijioso eta kulturaleko euskarazko bi hilabetez behingo argitalpen moduan.

 

Karmelen separata moduan aurkezten zen argitaraldi berria Xabiertxoren laugarren argitaraldi gisa zenbakiturik agertzen zen. Eta ez zen, inondik ere, kasualitatea. Ez zen lehenengo aldia argitalpenaren arduradunak bide hori erabiltzen zuela zentsurari iskin egiteko. Santi Onaindia Baseta karmeldar eta idazleak hori bera egin zuen Olerti lanarekin, "Karmel-en olerti gehigarri" moduan argitaratzen zen.

 

1957ko urrian, Xabier Peña Albizu idazle eta pedagogo tolosarrak sustaturik, Bizkaiko lehenengo ikastola eratu zen Bilboko San Nikolas elizako beheko solairuan.

 

Bilbon bezalaxe, Bizkaiko hainbat tokitan berpizten hasi zen euskarazko irakaskuntza.

 

Andereño eta irakasle horietako batzuk, bestalde, aipatutako Xabier Peñak 1949tik modu klandestinoan ematen zituen euskalduntze- eta alfabetatze-eskoletan prestatuak ziren.

 

Elizaren parte batek bere aterpea eskaintzen zuen euskararen garapenerako. Irratiarekin ere gauza bera ari zen gertatzen. Xabiertxo berrargitaratu zen urte berean, 1959an, emanaldiei ekin zien Arrate Irratiak. Urtebete geroago Loiolako Herri Irratia hasi zen. Euskara Euskadiko uhinetara bueltatu zen.

 

Xabiertxo berriaren berezitasuna da Euskal Herriko mendebaldean (Bizkaian eta Gipuzkoa eta Arabako ibar mugakideetan) berba egiten den euskarara egokituta dagoela. Santi Onandia da bertsioaren egilea.

 

Aldizkariaren banaketa hobetze aldera, Karmelen 1960ko otsaileko zenbakiak, zegokion faszikulua erdiko orrialdeetan eranstearekin batera, Xabiertxori buruzko olerki bat ere bazekarren, Arostegietak idatzia –goitizen horrekin izenpetzen zuen, hain zuen ere, Domingo Agirre Azerin Dimako karmeldarrak, zeinak abitua hartzean Lucio de Santa Teresita edo aita Luki izena hartu baitzuen–. Bere poeman, Arostegietak umeen lagunik onena bezala aurkezten du Xabiertxo, euskaldun etxe guztietan egon behar duena.

 

1961ean zentsurak Karmel itxi zuelarik, Santi Onaindiak, 1965ean, beste berrargitalpen bat sustatu zuen: Xabiertxo bizkaieraz.

 

Euskarazko ikasmaterialen lazeria orokorrarekin batera (gure herri osorako berdina zen hori), Bizkaiko ikastola berrien kasuan beste gabezia bat ere gehitzen zen: ez zegoen ume haiei euskaraz idazten eta irakurtzen erakusteko tresnarik, euren euskalkitik abiatuta.

 

Xabiertxo bizkaieraz xede horretarako lan-tresna bat izan zen, eta Kili-kiliren aurrerapen bat. Pertsonaia eta komiki hori urtebete geroago jaio zen, ume euskaldunak beren hizkuntzan alfabetatzeko xedez. Aldizkaria doan banatzen zen, eta bi urtean 2.000 aleko tirada iritsi zuen. 1968an, debekatu egin zuten. Jose Antonio Retolazak bere lanarekin jarraitu zuen, Kili-kili sari eta jardunaldiekin; komikia, ordea, ez zen berriro argitaratu ahal izan 1977 arte.

 

1964an, Gasteizen eratu zen Sancho el Sabio Institutuaren Ikasketa eta Ikerketa Zentroa, nahiz eta erakunde hori aurretik ere bazegoen, Gasteiz Hiriko Aurrezki Kutxak sortua. Zentroaren ekimenen artean, aipatzekoa da Euskal Liburutegia sortzea, euskararen eta euskal kulturaren aurrean zegoen jarrera-aldaketa baten erakusle, kasu honetan frankismoan integratutako zenbait karlistak bultzatuta.

Anchor 35

1967/1970/1979 Xabiertxo berriz etxean

1966ko apirilaren 11n amaitu zen Lopez-Mendizabal Olano sendiaren erbestealdia. Ez zen izan itzulera erraza.

 

Ixiar Lopez-Mendizabal: "Gure ama gaixorik itzuli zen; etxean hil nahi zuen, bere sorterrian. Argentinan pasatako 30 urte haien ondoren, atera ginen bezala itzuli ginen, dirurik gabe. Handik gutxira hil zen ama. Esan dezaket, gutxienez, hemen lurperatuta daudela aitatxo eta amatxo, aitona Eusebioren ondoan".

 

Ixaka 86 urterekin itzuli zen, gure herriaren aldeko lanez betetako bizitza batekin.

 

Ixaka Lopez Mendizabal: "Nere poz bakarra lan egitea izan da. Euskararen eta Euskal Herriaren alde beti lanean jardutea. Horrek bete du nere bizitza. Hogeita hamar urtetako atzerria ere ezagutu dut. Baina hori guztia erraz eraman dut. Gorputzez bakarrik egon naiz atzerrian, bihotzez eta lanez beti Euskal Herriaren alde behar hainbat lan ezin egin ahal izatea izan da nere pena bakarra".

 

Aurkitu zuten herria ez zen utzi zuten hura. Aldaketa ugari egon zen ordurako. Euskararen atzerabidea handia izan zen, debekua ez baitzen alferrik izan. Baina, aldi berean, euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendu sendo bat ere garatu zen.

 

Hamarkada horretan, Euskal Liburutegia bihurtuko da Sancho el Sabio Institutuaren jarduera nagusi. Jesus Olaizolak euskal kulturari buruz argitaratutako guztia biltzen zuen. Harremanak zituen euskal liburuaren inguruan sortzen ari ziren ekimenekin: Euskalerriaren Adiskideen Euskal Liburutegia, Doctor Camino liburutegia, Durangoko Liburu Azoka, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, bai eta erbestearekin lotutako argitaletxeekin ere, hala nola Ekinekin. Jon Bilbao eta Eusko Bibliographia haren egitasmoa ere Sancho el Sabio Institutuaren lokaletan instalatuko dira.

 

Ikastolak, arian-arian, hedatzen ari ziren Euskal Herri osoan. Euskara bera estandar bateratu bat sortzeko prozesuan zegoen, hori ezinbestekoa baitzen irakaskuntzarako. Helduak euskaraz alfabetatzeko eta ikasteko kanpainak egiteko eta gure hizkuntza komunikabideetan erabili ahal izateko. Alor horiek guztiak irabazten ari baitzen euskara, neke handiarekin bazen ere.

 

Euskaltzaindiaren batzarra Arantzazun bildu zen, 1968ko urrian, Euskal Akademiaren 50. urteurrena ospatzeko, eta han finkatu zituen euskara batuaren oinarriak. Tentsioz betetako prozesua izan zen. Nolabaiteko belaunaldi-haustura ere ekarri zuen prozesu horrek, eta Ixaka eta haren seme-alabak ere ez ziren libratu horretatik.

 

Bukatu zen Xabiertxoren aparteko odisea. Berriz ere Tolosan gaude, 1936ko abuztuan plaza erdian su-metan erre zuten tokian bertan. Eta, hain zuzen ere, hantxe berpiztu zen Xabiertxo bere errautsetatik 1967an, Ixaka eta Xabier Lopez-Mendizabalek 1932ko argitaraldiaren arabera argitaratua.  Berrargitalpenerako, berriz ere 1951ko argitalpen klandestinoa ahalbidetu zuen inprimategi berera jo zuten: Hijos de M. Álvarez Iraola.

 

Bigarren berrargitaraldia egin eta handik berrogeita lau urtera, Xabiertxok frankisten zentsura pasa behar izan zuen. Bitxikeria moduan, demokrazia eta autogobernua berreskuratu zirenean, Informazio eta Turismo Ministerioak Donostian zuen Ordezkaritzaren bulegoak (Andia kalea, 13, Donostia) HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen lehen egoitza bihurtu ziren; zazpigarren pisua –zentsuraren ardura zuen ministroaren udarako etxebizitzan–, berriz, Euskadi Irratiaren lehen estudio.

 

1970ean, Xabier Lopez-Mendizabalek laugarren argitaraldia atera zuen famili argitaletxean, Lopez-Mendizabal'enean, bere aitaren omenez.

 

Joxean Muñoz Otaegi, Xabiertxorekin mundua ikusten ikasi zuen haur haietako bat, Txiki Zabaloren lanetan aditua dena:

 

"Berrogei urteren buruan ia, irakurtzen ikasteko metodo berberak erabiltzeak inor harritu balezake ere, frankismoa zenbaterainoko atzerapena izan zen gogoan duenak onartuko dit, neke handirik gabe, Ixaka Lopez Mendizabalek idatzitako eta Txikik ilustratutako liburuak erabili genituen umeok ez geniela batere inbidiarik auzoan erdaraz ikasten zuten lagunei. Itsusiagoak ziren haien liburuak. Beraiek ez ziren gure liburu politen min, ezkutuan eramaten genituelako guk; ikasia genuen ez zela kalean nabarmentzea komeni. 70etan, ikastolak sustrai hartzen hasitakoan, metodo berriak, liburu berriak, lanabes berriak sortzeari lotu zitzaizkionean, Xabiertxo desagertzen joan zen euskaraz ikasten zuten umeen etxeetatik. Marrazkilarien lan-mahaietan agertuko zen berehala. Kartela, eta grafismoaren eskulangintza boladan zeuden, dela kultura hippyaren eraginez, dela Pop izeneko joerek bultzatu zuten kultura komertzialarekiko erakarmenaz, edota mugimendu politiko alternatiboen bultzadaz, Kuban, Polonian, Paris 68an, Berkeleyn… eta, hamarkadaren bukaera aldean, Euskal Herri gatazkatsuan…".

 

Ixaka Lopez Mendizabal Tolosako bere etxean hil zen, 1977ko otsailaren 27an. Ixakak ez zuen jakin Xabiertxo gazte-liburuaren ohorezko zerrendarako proposatu eta txertatu zutela 1979an egin zen Nazio Batuen Haurren Nazioarteko Urtearen barruan. Nazioarteko aitorpen horren ondorioz, Xabiertxoren beste berrargitalpen bat atera zen, familiaren argitaletxearen eskutik.

 

1979an, Ixaka Lopez Mendizabalen jaioturtearen mendeurrena ospatu zen. Xabier Peña Albizuk, Bizkaiko lehenengo ikastolen sustatzaileak, hauxe idatzi zuen Lopez Mendizabalen omenezko liburu kolektiboan:

 

"Euskaltzale garenok, euskalduntasunean murgildurik bizi garen guztiok, asko zor diogu Ixaka Lopez Mendizabali".

 

1979ko urriaren 25ean, Gernikako Autonomia Estatutua onetsi zen erreferendumean, eta horren ondorioz sortu zen Eusko Legebiltzarra. 1980ko martxoaren 31n, Gernikako foru-hirian egin zuen Legebiltzarrak lehen bilkura, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan.

 

Ixaka Lopez Mendizabalen presentziak bizirik dirau geure artean. Haren lana bizirik dago. Xabiertxok 90 urte betetzen ditu 2015ean, eta bere mezua gogorarazten digu:

 

“Ene umetxoak! Idaztitxo ontan ikasi dituzuten gauz onak gogoan artu itzazute, eta etzazutela beñere aztu Jakintzak eta Zintzotasunak batez ere, ematen diotela gizonari izenik onena.”

Anchor 36

Xabiertxoren Aitak

 

IXAKA LOPEZ MENDIZABAL

 

1879ko apirilaren 11n jaio zen, eta 1977ko otsailaren 27an hil, Tolosako bere jaiotetxean, Ballastegienean. Moldiztegia ere hantxe zeukan bere sendiak. Filosofia eta Letretan doktoratu zen, eta ondoren Zuzenbidean; abokatu lanetan jardun zuen, eta, bere aita hil zenean, inprenta eta argitaratzaile-ofizioa jarauntsi zituen. Poliglota zen, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz mintzatzen zen; esperantoaren bultzatzaile ere izan zen.

 

Ixaka Lopez Mendizabal presente dago euskal kultur erakunde nagusietako batzuen sortze-lanetan. Eskualzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Euskaltzaleak. Eragile aktiboa eta belaunaldi arteko zubia izan zen Euskal Pizkundea kultur berpizkunderako mugimenduan.

 

Humanista eta polifazetikoa, musikazalea (pianoa jotzea gogoko zuen, eta Editorial de la Música Vasca sortu zuen), margolaria, inprimatzailea eta arkeologiaren aitzindaria (Jose Migel Barandiaranekin lan egin zuen). Gogoko zituen, halaber, kirola, txangoak, mendia; eta bera izan zen Ski Club Tolosano penintsula osoko lehen eski-klubaren sortzaileetako bat ere.

 

Bere fazeta politikoa Euzko Alderdi Jeltzaleari lotuta dago. Hala, 1908an lehen Gipuzku Buru Batzarreko kide izan zen. 1916an, euskal abertzaletasunaren ordezkari izan zen Nazionalitateen Nazioarteko III. Konferentzian, Lausanan. 1916an eta 1931n zinegotzi jelkidea izan zen Tolosako Udalean. Eta 1934tik 1935era Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari izan zen.

 

Ixaka Lopez Mendizabalek bere gain hartu zuen eskolaratzeko beharrezko zen euskarazko ikasmateriala argitaratzeko lana: Zenbakiztia haurrentzako aritmetika, Umearen laguna irakurketa-metodoa, Xabiertxo irakurgai-liburua, Martin Txilibitu silabarioa. Ikasmaterial horiek guztiak lehen ikastolen prestakuntza-beharrizanak betetzeko ziren, hogeiko urteetatik horrelako eskolak irekiz joan baitziren Ixaka eta bere lagunak.

 

Altxamendu frankistaren ondorioz liburu-erretzeak eta liburutegien xahuketak gertatu ziren, eta horiek Ixakaren idazkiei eta inprimategiari ere eragin zieten. Horrela, 1936ko abuztuan haren argitaletxea eraitsi zuten, haren liburuak lapurtu, eta haren tesiak, euskarazko kristau-ikasbideak edo irakaskuntzarako ikasmaterialak su-meta publiko batean erre.

 

Erbestera joan behar izan zuen. Hasieran, Iparraldean jarri zen bizitzen, Donibane Lohizunen. Han, errefuxiatuak hartzeko sarea antolatu zuen.

 

1938an, Argentinara joan zen Euzko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kideetako bat izan zen. Han sortu zuen, 1939an, Euzko Deya. La voz de los vascos en América; eta 1941ean, Ekin argitaletxea, Andres Irujorekin batera. Halaber, Amerikako Eusko Ikaskuntza Institutua eta haren buletina sortu zituen. Buenos Airesen egon zen bitartean, euskal gaiei buruzko ezin konta ahal liburu argitaratzeaz gain, Xabiertxo berrargitaratu zuen.

 

1966. urtean, erbestetik Tolosara itzuli zen bere sendi osoarekin. Han hil zen, baina hil aurretik berriz argitaratu zuen Xabiertxo, 1967an. Gerora, haren seme Xabierrek 1970eko berrargitalpena egin zuen, Ixakaren omenez.

 

Ixakaren idazle-ekoizpena handia izan zen: 26 liburu propio eta ehunka kolaborazio hainbat aldizkari eta egunkaritan. Oinarri errotuak eta ondare sendoa utzi zizkigun, euskal kulturaren eta euskararen aldeko elkarte eta pertsona guztien lanak hauspotzen jarraitzen dutenak.

 

TXIKI, JOHN ZABALO BALLARÍN

 

John Zabalo Ballarín Manchesterren jaio zen, 1892an. Bere aitak, itsas merkataritzako konpainia baten jabeak, Erresuma Batura eraman zuen familia (anai-arrebak Donostian jaioak ziren). Horregatik erabiltzen ditu, bata zein bestea, bi grafiak –John eta Jon– bere idazkietan. Londreseko erbestean hil zen, 1948an.

 

Jaiotzetiko gaixotasun batengatik bolada luzeak pasatzen zituen etzanda. Horrek eragina izan zuen garaiera-arazo batean, eta hortik hartu zuen ezizena, Txiki. Gaixotasunak haren garaiera mugatu bazuen ere, ez zion umorea galarazi; ezagutu zutenek diotenez, gaindi egiten zion ironia bat zeukan.

 

Arkitekturako ikasketak hasi zituen Madrilgo Eskolan, baina ezin izan zituen amaitu bere gaixotasunagatik. Arte Ederretakoak, ordea, amaitu zituen, hiri berean.

 

1921ean hasi zen lanean, eta zenbait karikatura argitaratu zituen El Pueblo Vasco egunkarian. Kartelgintzan sarritan aritu zen (Gipuzkoako Artista Hasiberrien III. Erakusketa 1922an, eta Euskal Estatutuaren aldeko kanpaina 1931 eta 1933an) eta ilustrazio-lanak ere maiz egin zituen hainbat aldizkari, egunkari, publizitate-orri eta liburutan. Haren lanen artean haur-liburuak nabarmentzen dira. Estilo berezi bat garatu zuen, ingerada garbi eta irudi simetrikoetan oinarritutako marrazketa batekin. "Txiki marka" deritzona da, eta horren erakusgarri dira Xabiertxo (1925), Txomiñ-ikasle (1931) Umearen laguna (1931), Martin Txilibitu, Zenbakizti lengaien ikastia, Garoa eleberria eta ekarpenak hainbati: El Pueblo Vasco, El Día, Argia, Vida Vasca (1924-1936), Euskalerriaren Alde (1911-1931), Antzerti, Poxpoliñ, etab. Bere anaia Pablorekin batera, liburu honen egilea da: Arquitectura popular del País Vasco. Grafía y ornamentación de la rotulación vasca, Ekin, Buenos Aires, 1947.

 

Orixeren Euskaldunak libururako ilustrazioak prestatzen ari zen gerra piztu zenean. Euskaltzale eta euskal abertzale agertzen zenez, erbestera joan behar izan zuen. Eusko Jaurlaritzarekin kolaboratu zuen.

 

Iparraldean erbesteratuta egon zen 1940ko ekainera arte; une horretan, Londresera ebakuatua izan zen, ingeles eta poloniar soldatu batzuekin batera, soldadu alemanek aurrera egin zutelako. Erresuma Batuan jaioa zenez, Ingalaterraren babesa lortu zuen; ez, ordea, haren familiak, zeinak Ameriketara emigratu behar izan baitzuen. Pinturatik atera zuen bizimodua, Londresen, hil arte.

 

1973an, Txiki hil eta 25 urtera, haren biografia argitaratu zen –John de Zabalo, "Txiki" marrazkilari ta umoredun, Auñamendi 1973, 188 or.–, Mattin Labaienek idatzia. Liburu horretan jasota daude haren marrazkietako batzuk.

 

Anchor 37

Xabiertxoren aita-amabitziak

Ixaka Lopez Mendizabalek, alde batetik, eta hainbat erakunde, elkarte eta pertsonaren adoreak eta bultzadak, bestetik, posible egin dute Xabiertxoren historia. Hauek dira haren aita-amabitxiak:

 

EUSKALERRIAREN ALDE

 

1923an, aldizkari horrek –1911n euskal kulturaren sustapenerako sortutako aldizkariak– Ixaka Lopez Mendizabalek aurkeztu zuen lana saritu zuen, Xabiertxo, Ikastoletan umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia atalean. Epaimahaiaren erabakia Euskal-Esnalea euskarazko aldizkarian argitaratu zen.

 

EUSKO IKASKUNTZA

 

Xabiertxo, lehen aldiz, 1925ean argitaratu zen, Tolosako famili moldiztegian, Eusko Ikaskuntzaren babesarekin. Elkarte hori 1918an jaioa zen, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko aldundien itzalpean, euskal kulturaren areagotzea sustatzeko helburuarekin.

 

SEBASTIAN AMORRORTU BEITIA

 

Lopez-Mendizabal sendia Argentinan erbesteratu zenean, haren laguntza eduki zuen argitaldari-lanarekin jarraitzeko. Bere jaioterri Bilbon, Sebastian Amorrortuk bere inprimategi, liburutegi eta argitaletxea sortuak zituen, Zazpi Kaleetan; euskal ideologiako zenbait argitalpen inprimatu zituen –Revista Euskera eta Euskalerria, besteak beste–, bai eta Sabino Aranaren idazlan gehienak ere. 1910ean, Argentinara joan zen, eta euskal gaiak argitaratzen segitu zuen. Era berean, euskal erbesteratuen taldeak gidatu zituen, eta Argentina Buru Batzarra eta Laurak Bat euskal etxea sortu eta zuzendu zituen. Han bat egin zuen Ixaka Lopez Mendizabalekin eta Andres Irujorekin, eta, lagundu ez ezik, bere inprenta haiei lagata, Ekin euskal argitaletxearen sorrera finantzatzen ere lagundu zuen. Horrela berrargitaratu zen Xabiertxo Argentinan, 1941ean.

 

ELBIRA ZIPITRIA IRASTORZA

 

Euskadiko ikastola klandestinoen bultzatzaileetako bat izan zen, eta Xabiertxo zen artean ikastola haietan euskara ikasteko erabiltzen zen liburua. Bere irakaslanak Koruko Andre Mariaren ikastetxean hasi zituen, 1928an. Bere erbestealdian, han bizi ziren familietako neska-mutilei irakasten jarraitu zuen Azkaine, Ziburu, Sara eta Donibane Lohizunen. Donostiara itzuli zenean, pisu partikularretan eskolak ematen segitu zuen, eta tamainaz ere handituz joan ziren pisu horiek haren ikasleen kopurua gehitzen zen heinean. Bere etxean ere irakatsi zuen. 1969an plazaratu zen Orixe ikastolaren bultzatzaile izan zen, non eskolak eman baitzituen, 1971n erretiratu zen arte.

 

MARITXU BARRIOLA IRIGOIEN

 

Euskarazko liburuak argitaratzen jardun zuen, eta zentsurari iskin eginez inprimatzen ziren. Horrela, 1951n, Xabiertxo klandestinitatean berrargitaratzea lortu zuen, Lopez Mendizabalen baimenarekin. Era berean, udaleku direlakoak sortzea bultzatu zuen, gaur egun ere funtzionatzen segitzen duen euskara ikasteko eredu bat.

 

SANTIAGO ONAINDIA BASETA

 

Hura arduratu zen, hain zuzen ere, Xabiertxo bizkaierara itzultzeaz, bai eta liburu hori Karmel aldizkariaren separata moduan txertatzeaz ere. Gainera, 1965eko berrargitalpenaz ere arduratu zen (Xabiertxo bizkaieraz), eta, berak aitortu zuenez, "laster agortu zan".  

 

Xabiertxoren argitaraldi guztiak Gipuzkoan eta Argentinan atereak ziren ordu arte. Hori dela eta, Bizkaian –non ikastola klandestinoen mugimendua ere existitzen baitzen– hezkuntza-material propioak edukitzeko beharrizana ikusi zen, inguru hartako euskalkian. Gabezia hori estaltzeko, 1959an, Xabiertxo bizkaieraz argitaratu zen, Karmel aldizkariaren separata moduan. Aldizkari hori Amorebieta-Larreako aita karmeldarrek argitaratzen zuten.

 

Aita Santi Onaindia 1909an jaioa zen, eta Humanitate, Filosofia, Teologia eta Zuzenbide Kanonikoko ikasketak egin zituen. 1986an hil zen, Larreako komentuan. 1927an hasi zuen literatur jarduera, hainbat aldizkaritan artikulu batzuk argitaratuz. Era berean, klasikoak itzuli zituen, eta euskal gaien antologia batzuk ere egin zituen.

 

KARMEL ALDIZKARIA

 

Amorebieta-Larreako aita karmeldarrek argitaratzen duten aldizkari hori 1931n sortu zen, eta Gerra Zibilaren garaian ostendu egin zen. Aldizka berriro agertu zen; 1957tik 1961era mantendu egin zen, garai horretan zentsurari iskin egitea lortu baitzuen, eta 1970etik gaurdaino iritsi da Karmel. Euskal aldizkaria izenarekin.

 

JOSE ANTONIO RETOLAZA IBARGUENGOITIA

 

Bizkaiko bi argitaraldien liburu-azalak marraztu zituen; azal horiek Kili-kiliren aitzindaritzat har daitezke.

 

Retolaza Bilbon jaio zen, 1929an. 1959an, euskarazko lehenengo meza eman zuen Arrazolan; ezagutzen den lehena, alegia. Euskararen defendatzaile sendoa izan zen, eliza arloko ospakizunetan ez ezik, bai eta irakaskuntzan ere. Euskara-irakasle lanak egin zituen. Haurrak alfabetatzeko eskola-materiala sortzen eta banatzen ere jardun zuen, Euskerazaleak Alkartearen laguntzaz. Besteak beste, Kili-kiliren sortzaile izan zen, eta Kili-kili Sariketa Nagusia sustatu zuen, haurrentzako literatur lehiaketa moduan. 1977tik aurrera, Kili-kili aldizkari moduan berragertu zen, eta han hainbat komiki argitaratu zen euskaraz, hala nola Zipi ta Zape, Mortadelo ta Filemon, besteak beste. Retolaza hainbat libururen egile da.

 

XABIER LOPEZ-MENDIZABAL OLANO

 

Ixakaren eta Antoniaren semea da, eta, hain zuzen ere, hari eskaini zion liburua bere aitak. Tolosan jaio zen, 1925eko ekainaren 18an, eta 2004ko urtarrilaren 29an hil zen. Gerra Zibila zela-eta, erbesteratu egin zen, familiarekin: aurrena, Iparraldera, eta, azkenean, Argentinara. Bere aitarekin, parte hartu zuen Argentinan piztu zen euskal kultur mugimenduan: Euzko Deyan zein Ekin argitaletxean lagundu zion, eta administrazio-lanak eta idazkien zuzenketa-lanak egin zituen. Tolosara itzuli zen, 1966an, eta han famili argitaletxea berreskuratu zuen, eta han lan egin. Berari zor zaizkio “Lopez-Mendizabal'enean” (1967, 1970 eta 1979) egin ziren berrargitalpenak eta XXI. mendeko berrargitalpena, Abarka argitaletxeak 2003an egin zuena.

 

 

 

bottom of page