top of page
Anchor 38

Irratiak

Amale laburtua -
00:0000:00
Amale Arzelus 2012an irratsaioa eginez -
00:0000:00

1925-1932 Amaletxo

 

Irratia Euskal Herrian Xabiertxorekin batera jaio zen. Baimenarekin emititu zuen lehen irratia, Radio Donosti, 1925ean hasi zen, Xabiertxo kaleratu zen urte berean. "Irratia dela ta dabil gure euskera kuttuna, arranoa baiño erosoago, arranoa baiño kementsuago hegaz dabilkigu", idatzi zuen Argian Ander Arzelus Luzearek, lehen emanaldien harira.

 

Xabiertxo liburuan, 1923an, Ixaka Lopez Mendizabalek irratiaren garrantzia azpimarratu zuen:

 

"Bañan gaurko eguneko aurrerapenik aundiena Arigabeko Urrutizkia [irratia] da. Onen bidez urrutiko errietatik itzegiten zaigun guzia, naiz abesti, naiz itzaldi, naiz eres batz, naiz beste edozein ots, etxetik bertatik entzun genezake, bien bitartean ari bat ez izanarren. Gauz arrigarria!"

 

Euskarazko lehen emanaldiak 1925ean bertan hasi baziren ere, euskal irratiaren jaiotze data, irratsaio antolatuen sorrera, 1932ko martxoaren 2an jarri behar da. Egun horretan hasi zen aireratzen Euskal irratsaioa.

 

Joseba Zubimendik eta Ander Arzelus Luzearek zuzenduta Donostiako Union Radio bitartez hedatzen zen irratsaioa, eta bertan hasi zen bere aitarekin batera speaker eta aktore moduan Amale Arzelus, euskal irratiko lehen emakume esatari eta aktorea. Alegiazko Xabiertxoren adin bertsua zuen Amalek –zortzi urte egin berriak– 1932ko martxoaren 16an irratian hasi zenean. Bere aitak, Ander Arzelus Luzearek, idatzitako bakarrizketak eta elkarrizketak gauzatzen zituen mikrofonoaren aurrean, arrakasta handiarekin, irratiko izarra izateraino.

 

Euskal irratsaioak arrakasta lortu zuen garaiko entzuleen artean, eta horren lekukoa dugu Estepan Urkiaga Lauaxetak irratsaioaren lehen urteurrenean idatzitakoa: “Artzeluztar Amaletxu edonork darau bere abotsa entzun dogulako ez bein, sarritan baino. Zubimendi azkarra, Luzear eta abar geure adiskide egin dira. Eta zelan gero? Irratijaren bidez! Olakorik entzuteko bere!”.

 

Ez dago garaiko grabaziorik, ez baitzegoen horretarako aukerarik. Hemen entzungai dugun irratsaioaren zatia 1932ko maiatzean esan zuen Amaletxok mikrofonoetatik.

 

Bigarren grabazioan, Amale Arzelusek 2012ko martxoaren 2an Euskal irratsaioaren sorreraren 80. urteurrenean irakurria entzun dezakegu.

Beti zuzenean egin behar zen Euskal irratsaioa euskaltzaleen laguntzarekin gauzatu zen. Garai hartan, hitza, abestia eta musika, dena zuzen-zuzenean gauzatu behar zen irratiaren mikrofono aurrean. Eta mikrofonotik mintzatzen, gaur egunean sinestezina litzatekeen harrigarrizko lagun-taldea: Zubimendi eta Arzelus Luzear, Joxe Ariztimuño Aitzol. Xabier Lizardi, Telesforo Montzon, Emeterio Arrese, Orixe, Hernandorena, Toribio Alzaga, Beorlegi, Basarri, Elbira Zipitria, Dunixi, Tomas Garbizu, Aita Donostia, Aita Migel Altzo, Jean Lafitte, Oxobi… saioko izarra izan zen Amale Arzelus, eta haiekin batera emakume ugari, hizlari, abeslari, errezitatzaile, andereño-mugimendu sortu berrikoak…

 

Eta hori gutxi balitz, punta-puntako abesbatzak (bereziki aipatzekoa Gabriel Olaizolak zuzentzen zuen Euzko Abesbatza), txistulariak (Errenteriako txistulariak eta Isidro Ansorenaren taldea, bi aipatzearren), akordeoi- eta trikitixa-joleak, musika-talde eta bakarlariak (Nicanor Zabaleta harpajolea, esaterako), lehen irrati bidezko txalaparta-emanaldia, bandak, musikariak eta musika-joleak.

 

Bertsolariak ohikoak izan ziren; Basarri irratsaioen laguntzaile izan zen, eta mikroetatik pasa ziren bertsolari zahar eta gazteak: Matxin Irabola, Arizmendi Atarrene, Ibarrako Azkoiti eta Joxe Mari Lopetegi, sorta bat aipatzearren. Dakigunez, Txirrita ez zen inoiz irratian izan zuzenean, baina bere bertsoak irrati bitartez eman zirela badakigu. Horretarako, 1927an diskoan egindako grabazioa erabili zuten. Hori dugu garai hartatik gordetzen den grabazio bakarra.

 

Ramon Laborda apaizaren Poxpoliñak ume-mugimenduaren babesa eta laguntza izan zuen irratsaioak. Poxpoliñen irrati-emanaldietako bat 1933ko urtarrilaren 4an, Errege egunaren bezperetan, Urumea Frontoian Poxpoliñek egin zuten jaialdi handia izan zen.

 

El Día, 1933ko urtarrilaren 5a: "Don Ander Arzelus Luzear, nuestro querido compañero y su hija Amaletxo en funciones de “speaker”, Maritxu Barriola, Elbira Zipitria y Elixabete Maiztegi, dirigieron toda la tropa infantil que ayer se reunió en Unión Radio Donostia. Y nos olvidamos de un nombre. Precisamente el del director del coro, que lo fue el benemérito sacerdote don Ramón Laborda. Las niñas se dieron a la tarea de difundir por la radio una buena colección de cantos euskerikos que tan buena acogida y mejor que buena, entusiasta, han merecido por toda Gipuzkoa y Bizkaia. Todo su repertorio fue radiado con cariño y alegría infantil".

 

Txirrita eta Asteasu bertsolarien arteko grabazioa eta Poxpoliñek abestu zuten abesti baten bertsioa ditugu hemen entzungai. 

1933 Txirrita y Poxpoliñak

Txirrita eta Asteasu bertsotan 1927 Columbia -
00:0000:00
Olentzero -
00:0000:00
Anchor 39

Euskal Autonomia Estatutua Errepublikako Gorteetan onartua geratu zen 1936ko ekainean, eta hilabete horretan euskarak irratian beste urrats garrantzitsu bat eman zuen. Orduan, irrati bidezko lehen euskara-ikastaro multimedia sortu zen, eta emisioak abian jarri ziren.

 

El Día egunkariak ekainaren 13ko lehen orrialdean honako iragarkia dakar:

 

"Como complemento indispensable de las lecciones que desde la emisora local dará nuestro redactor euskeriko don Ander Arzelus Luzear, El Día iniciará mañana la publicación de su método práctico para aprender euskera. Las lecciones radiadas se darán los lunes y viernes a las siete y media de la tarde".

 

Hurrengo egunean, El Día egunkariak Método práctico para el aprendizaje del euskera en lecciones radiadas euskara irrati bitartez ikasteko metodoa argitaratzeari ekin zion. Lehen ikasgaia, "Aurretiko ikasgaia", 16. orrialdean, beheko partean argitaratu zuen, ondoren gillotinatu eta ondo moztuta koadernatu ahal izateko. Ekainaren 18an argitaratu zuen "Lenbiziko ikasgaia. Zer da au? Au aulkia da. Au aulkia al da? Bai, au aulkia da. Ori zer da? Ori leioa da. Leioa al da hau? Ez, au aulkia da…". Eta horrela egin zuen hurrengo ikasgaiekin, harik eta 1936ko uztailaren 18an El Día egunkariak bere azken zenbakia kaleratu zuen arte.

 

Ander Arzelus Luzearek, ematen zituen irrati-ikastaroak eta metodoa ikusita, argi da gutxienez bi ahotsez egindako irratsaioak izan behar zutela.

 

Euskara irrati bidez irakastea Luzearren buruan zegoen Euskal irratsaioa 1932an hasi zenetik. Orduan idatzi zuen horren beharraz, eta gehitu zuen horretarako lehendabizi irakasteko berariazko metodoa egin beharko zela, eta ondoren hasi irrati bidezko eskolekin. Luzearrek egin zuen, beraz, metodoa, eta hori izan daiteke handik bizpahiru urteetara Santoña eta Burgoseko espetxeetan, preso zen garaian, Luzearrek euskara irakasteko erabili zuen metodo bera.

 

Irrati bidezko euskara-ikastaroak emateari ekainaren 15ean ekin zitzaion, eta azkenekoa 1936ko uztailaren 17an eman zuten. Irratsaioa bukatuta, Luzear Euzko Alderdi Jeltzalearen diputatu eta kargudunek Melillatik zetozen estatu-kolpe baten zurrumurruen aurrean posizionamendua hartzeko egin zuten bilerara joan zen.

 

Hurrengo egunean gertatutakoa denok dakigu, eta, horren ondorioz, ia 30 urte behar izan ziren hurrengo irrati bidezko euskara-metodoa abian jartzeko. Yon Oñatibiak sortu zuen, eta 1965etik aurrera ematen hasi zen, erbestetik itzuli berritan.

 

Hemen dugu entzungai Yon Oñatibiaren irratsaioaren eta metodoaren sintonia.

1936-1965 Lehen ikasgaia

Jon Oñatibia euskara ikastera -
00:0000:00
Anchor 40

1963 Arrate Irratia

Arrate Irratia 1959ko hondarrean, abenduaren 23an, hasi zen emititzen, eta 1964ko maiatzean mutuarazi zuten. Arrate Irratia, larre motz hartan eta garai ilun hartan frankismoaren gorrian airean eman zituen lau urte haietan, irrati emankorra eta berritzailea izan zen, euskal irratien artean berritzaileenetakoa eta programazio zabalena gauzatu zuena. Eibarko irratiak garaiko euskarazko programazio osatuena izan zuen, eta horrekin batera, entzuleria eta eragin zabala lortu zuen Gipuzkoan eta Bizkaian. Pedro Gorostidik eta bere inguruan bildu zuen lagun-taldeak garatu zuten euskal irrati hura. Irratiaren arrakastan, haiek egindako lanarekin batera, zeresan handia izan zuen Eibarren sortu izanak, garai eta denbora hartan dinamismo itzela zuen hirian, eta, gainera, euskararekiko debekuen denbora zen hartan ingurune euskalduna zuen hiri euskaldun batean.

 

Arrosarioa, Angelusa eta eguneroko mezaz gain –haiek baitziren elizaren irratien funtsezko saioak–, lehen Arrate Irrati hark programazio zabala eskaini zuen euskaraz. Horretan lagungarri izan ziren Julene Azpeitia, Karmele Esnal eta garaiko euskaltzaleak. Emakumezkoak, emakumeei zuzendutako saioa, "Karmele [Esnalek] idatzia eta Edurne eta Mirari hizketalariak irakurria", gauzatu zen. Arrate Irrati haren modernitatearen beste adibide bat iritsi da gurera Zineketak, "bere entzuleei zineko berriak entzutearren [Arrate] irrati honek sortutako saioa". Silvana Manganok famatu egin zuen Annaren baiaoa soinu ezagunarekin amaitzen zen irratsaio hura: "Karmele [Esnalek] eta Iñakik sortu eta irrati honetako hizketalariak esana. Astero entzutea izango dezute, Zineketak".

 

Arrate Irratitik hedatzen zuten "baserritarren" asteroko irratsaioa, La Voz de Guipuzcoa Falangearen irratian, Maria Dolores Agirrek eta bere taldekoek (Iñaki Eizmendi Basarri, Jose Mari Etxebeste, Manu Oñatibia, Enrike Zurutuza eta Maria Dolores bera) kostata zabaldu zuten euskararentzako zirrikitua. Eta, horrekin batera, lantalde berak Eibarko irratitik emateko umeentzako asteroko irratsaioa prestatu zuen. La Voz de Guipuzcoarenak bezala, Arrateko irratsaio honek ere Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren babesa izan zuen. "Ostegunero, ordu honetantxe, ordu-batetatik ordu bata eta erdietara" egin izan zen.

 

Umeen ordu-erdiko irratsaioaren ale bat iritsi da gurera, 1963ko maiatzaren 21ean emandako horren zati bat, eta Emakumezkoak eta Zineketak irratsaioen zatiak ditugu hemen entzungai.

Umeen Saioa - Unknown Artist
00:0000:00
Iragarkiak Funcor kirolak 1 -
00:0000:00
Arrate Zineketak - Unknown Artist
00:0000:00
Iragarkiak Funcor kirolak 2 -
00:0000:00
Arrate emakumezkoak montatua -
00:0000:00
Anchor 41

Donostia Loiola Herri Irratia eta Bilboko Herri Irratia ditugu euskal irratiaren garapenaren eragileak Hego Euskal Herrian.

 

Elizaren irrati-emisoreen kateari atxikita, Bilboko Herri Irratia 1959an hasi zen, eta Gipuzkoan bi irrati sortu ziren: 1961eko otsailaren 11n, Loiola Herri Irratia, eta urtebete geroago, 1962ko abuztuaren 15ean, Donostia Herri Irratiaren emanaldiak abiatu ziren.

 

Loiola Herri Irratiak, jesuitek sortuak, hasieratik ekin zion euskara emateari, eta bera izan zen, gainera, 1964an hiriburutik kanpoko irratien itxiera gainditu zuen bakarra, frekuentzia modulatura pasata. Loiola Herri Irratia izan zen euskararen irratia garatu zuen emisorea.

 

Donostiako Herri Irratiaren lehenengo urteak ez ziren oso onak izan: gotzaindegiaren esku zegoen, irrati arrotza izan zen; frankismoari lotua, tarte txikia, hutsala eskaintzen zion euskarari eta euskal kulturari. Horrela esplika daiteke Donostiarrak irratsaioa, irratirik gabeko irratia. Isileko irratsaioa, Donostian zintetan astero grabatu ondoren, Loiola Herri Irratitik zabaltzen zen. Isileko irrati hau 60ko hamarkadako azken urteetan Donostiako euskaltzaleek sortu zuten, erdi klandestinoak ziren ikastola-mugimenduko gurasoen eta isilean lanean zen Donostiako Euzko Alderdi Jeltzalearen arteko uztarduratik. Gerardo Bujandak, Donostiarrak irratsaioko figura nagusiak, Venezuelako Euzkadi Irratiarentzat bezala hemen ere buru-belarri lanean ibilitakoak, gogoan izan zituen berarekin batera isileko irratia eta saioa egin zutenak lan horrengatik 2003an Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zionean: "Eta nirekin batera irratian lan egin zutenak ez gero ahaztu! Elisabete Maiztegi, Mikele Rezola, Agustin Mendizabal, Carmen Cristobal, Koro Etxegoien, Antxon Anza, Fermin Muñoz, Inozentzio Bujanda, Faustina Carril, Jesusi Orbegozo eta baita Ramon Saizarbitoria bera ere... donostiarrak eta abertzaleak denak, eta batzuk, andereñoak, Elbira Zipitriaren eskolakoak".

 

1971n gertatu zen Loiolako eta Donostiako irratien uztarduratik sortu zen egungo euskal irratien hazia. Bide horretan, Bilboko Herri Irratia izan zuten lagun, 1973tik aurrera. Julian Olazabalaga abadeak eragin zuen Bilboko Herri Irratiaren aldaketa, euskarazko irratigintza hedatu zuen Bilboko Popularrean, eta, beraz, Bizkaia Irratiaren eragilea izan zen.

 

1976ko martxoaren 27an gauzatu ziren 24 orduak euskaraz irratsaioa eta kantaldia ere Herri Irratiak izan zuen erreferentzialtasun horren lekuko eta mugarri nagusi ditugu. Larunbat hartan Donostia Loiolako eta Bilboko herri-irratiek egun beteko programazio etengabea emititu zuten euskaraz.

 

Egun agian irrati-maratoia deituko geniokeen irratsaio hark aro bati amaiera eman (frankismoaren garaiari), eta berriari (askatasunaren aroari) atea zabaltzea izan zuen helburu. Eta horrekin batera, euskal kulturaren alorrean ordura arte egindakoa erakutsi. Dozena bat mahai inguru egin ziren; elkarrizketak, kronikak Euskal Herri osoko zenbait tokitatik, bertso-saioak, eta Euskaltzaindiaren bilera zuzenean eman zen, historian lehen aldiz.

 

Loiola Herri Irratiaren sorrera, Aita Villasante euskaltzainburuaren parte-hartzea 24 orduak euskaraz irratsaioan, kantaldi-emanaldiaren hasiera eta Txaro Arteagak zuzendutako umeen irratsaio baten zatia ditugu hemen entzungai.

1961-1976-1980  Herri Irratia

Loiola leheneguna labur -
00:0000:00
Herri Irratia Barandiaran -
00:0000:00
Aita Villasante euskal irratiari buruz -
00:0000:00
Unknown Track - Unknown Artist
00:0000:00
Jai aurkezpena ona -
00:0000:00
Herri Irratia puntuak Donostia Loiola -
00:0000:00
Anchor 42
bottom of page