top of page

Erakusleihoak

Anchor 23

Ixaka Lopez Mendizabalek 1925ean atera zuen XABIERTXOren lehen argitaraldia, Primo de Riveraren diktaduraren garaian.

 

Tolosako E. Lopezen moldiztegian inprimatu zelarik–artean bere aita Eusebio Lopezek gidatzen zuen–, lehen argitaraldia soila zen, garaikoa, beharbada abagune politikoagatik eta hark euskal gizartean eragiten zituen mugengatik.

 

Ez da edonolako liburua. Ixaka Lopez Mendizabalen lana, Txiki Zabaloren irudi grafiko eta guzti, saritu egin zuen 1923an Euskalerriaren Alde elkarteak, garai hartako kultur aldizkari nagusiak. Lanaren argitalpena Eusko Ikaskuntza erakundeak babestu zuen.

 

Hogeiko urteetako europar pedagogi abangoardiarekin bat eginik, XABIERTXOk entziklopedia txiki baten moduan funtzionatzen du: testu-bilduma bat, neska-mutilak prestatzeko eta hezteko eta irakurleak sustatzeko ipuin txiki batzuk.

 

Prestakuntza da inondik ere liburu honen egitekoa, belaunaldi hartan ohikoa zen ikuspegi kristau eta humanistatik. 15 lerro baino gutxiagoko irakurgai laburrez osatuta dago, eta ez da kasualitatea XABIERTXOren lehenengo irakurgaia “Jaungoikoa” izatea –”Jaungoikoa da gauz guztien egillea. Berak egin gaitu gu ere. Onak izan gaitezen…”–, eta ondoren protagonista aurkezten du: Xabiertxo haurra, eta haren ondoan, bere arreba Iziartxo.

 

 

 

Sendia, ohitura onak, begirunea, eta haurrek gurasoekiko eta haiek seme-alabekiko dituzten betebeharrak; giza soin edo gorputza eta zentzumenak; izadia eta gizartea; baserri-bizitza eta tradizioak, bai eta beste alde batetik gizarte modernoa ere; mundua eta Euskal Herria bere garaian benetan modernoa zen pentsamolde pedagogiko batetik aurkezten dira.

 

Liburuaren azala, halaber, barruan biltzen duenaren alegoria bikaina da. Azal horretan irakurle txiki bat ikusten da –Xabiertxo–, zeina liburu bat irakurtzen ari den, eta liburuaren azalean irakurle txiki bat ageri da –Xabiertxo–, eta horrela behin eta berriz. Irudi-joko horrekin, Txikik liburuaren edukia ilustratzen eta irudikatzen du, irakurleengan etorkizuneko irakurketa amaigabeak sustatzeko liburu bat. 

 

XABIERTXOren arrakasta –tirada azkar agortu zen– eta ikastolen beharrizan gero eta handiagoak zirela eta, Ixaka Lopez Mendizabalek bigarren argitaraldia atera zuen 1932an. Ordurako Ixaka famili argitaletxearen buru zen, bere aita 1929an hil zenetik. 

 

Argitaraldi hori Errepublika garaian            inprimatu zen, euskal kultur berpizkundearen loraldian, eta berritasunak eta hobekuntzak zeuzkan bere diseinuan, azaletik hasita: lehenengo argitaraldian, hondo gorrian egina zegoen; bigarrenean, berriz, hondo berdean. 

 

Txikiren marrazki berriek Xabiertxo  lirainago bat aurkezten zuten, eta are modernoago bat. Argitaraldi berriak beste berritasun batzuk ere bazituen, hala nola marrazki handiagoak barrualdean. Azken batean, bertsio koloretsuago eta erakargarriago bat da, eta hurrengo argitaraldi guztien eredu bihurtuko da. 

 

 

Anchor 24
Anchor 25

XABIERTXOk bere aita Ixakarekin egin zuen Ameriketako abentura. Are Ekin argitaletxea sortu baino lehen, Lopez Mendizabalek XABIERTXOren argitaraldi berri bat jarri zuen martxan. 

 

Liburu eder honen hirugarren argitaraldiak, zeinaren irudi grafikoa ere Txikik garatu baitzuen, ez zen izan aurreko biak izan ziren bezain zaindua. Zuri-beltzean argitaratu zen; baina, jatorrizko azalaren ordez, beste irudi bat zekarren, Xabiertxo liburu bat irakurtzen.

 

1941eko martxoaren 30ean, Euzko Deya. La voz de los vascos en Américak, Eusko Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkaritzak sortutako eta Ixaka Lopez Mendizabalek gidatutako egunkariak, XABIERTXOren berrargitalpena iragarri zuen, eta lehenengo emanaldia aldizkariaren hegalean argitaratu zuen, gillotinatzea eta ondorengo joste-lana errazteko.

 

XABIERTXOren hirugarren argitaraldiak honako fitxa tekniko hau zekarren: “Irugarren argitaldi ontan. Buenos Aires’ko Euzko-Deya’k egiña. Buenos Aires’en 1941’garren urtean “.

 

XABIERTXO: Umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia, argentinar argitaraldian,  zuri-beltzean argitaratu zen, eta “bukaeran ohikoenak diren hitzen izendegi bat ere badago, testua itzultzen laguntzen duena”. Gainera, beste berezitasun bat ere badauka, ez baitio jarraitzen jatorrizkoaren sabindar ortografiari. Tiletdun “r”a eta “l”a errotatiban eta inprentan erreproduzitzeko zailtasuna zela eta, erre bikoitzarekin eta ele bikoitzarekin ordeztu ziren horrelako erre eta eleak. Grafia hori, gainera, nagusi zen ordurako euskal ortografian, bai Ipar Euskal Herrian, bai eta Euskadi penintsularrean ere.

 

XABIERTXO berriro Buenos Airesen berrargitaratu zen 1943an, liburu formatuan, Euzko Deya.La voz de los vascos en Américak egindako maketaren gainean.

 

Ixaka Lopez Mendizabalek Sebastian Amorrortu Euzkotarren Aldeko Alkatasuneko lehendakariaren (Liga de Amigos de los Vascos) laguntza eduki zuen, haren inprimategian, Artes Gráficas Sebastián de Amorrortu e Hijos, S.A. delakoan, inprimatu baitzen liburua, “eta hori inprimaketa arretatsuaren bermea da”.

 

Fitxa teknikak hau adierazten du:

 

“Irugarren argitaldi ontan, Buenos Aireseko, Euzkotarren Aldeko Alkartasunak eta Euzko-Deyak egiña” .

 

Interpretatu daiteke liburu hori Ekin argitaletxearen bildumako parte dela –halakotzat iragarri zen Euzko Deyan–, nahiz eta lan horrek ez daukan argitaletxeari buruzko inolako aipamenik.

 

1943an argitaratu zen arren, lan horrek 1941 dauka argitalpen-datatzat, Euzko Deyaren emanaldikako argitaratzearen urtea. Zenbakizko hurrenkeran, XABIERTXOren laugarren argitaraldia dugu.

 

 

Anchor 26

XABIERTXOren bosgarren argitalpena klandestinoa da, eta ia ezinezkoa da nabarmentzen eta bereizten 1932ko argitalpenetik. 

 

XABIERTXO klandestinoa 1951n argitaratu zuen Maritxu Barriola Irigoienek, eta sekreturik handienean inprimatu zen Donostiako Álvarez Iraola litografian.

 

Sortzen ari ziren ikastolek agortuak zituzten sugarretatik salbatuak zirenen izakinak, eta ale gehiagoren premia ikusirik, Maritxu Barriolak, zeina, ordurako, euskarazko beste liburu batzuk argitaratzeaz arduratu baitzen ekonomikoki, XABIERTXOren berrinprimatzea sustatu zuen, Ixaka Lopez Mendizabalen baimenarekin. Horretarako, Migel Alvarez Iraolarekin harremanetan jarri zen Maritxu, eta hark inprimatu zuen liburua Donostiako bere litografi lantegian. 

 

XABIERTXOren argitaraldi berria egiteko, xehetasun txikieneraino errepikatu zen 1932ko argitalpena, eta harekin mimetizatu ere egiten da. 

 

Anchor 27

1959an, Karmeldarren kapa babesleak –”Karmel aldizkariaren ardurapean egiña”–  zentsura saihestea ahalbidetu zion XABIERTXOri. Seigarren argitaraldia Karmelen separata moduan aurkeztu zen, eta XABIERTXOren laugarren argitaraldi gisa zenbakiturik agertu zen. Faszikulu grapatu moduan argitaratu zen aldizkari horretan, 1960ko urtarril-otsaileko zenbakitik aurrera. 

 

XABIERTXO berriaren berezitasuna da Euskal Herriko mendebaldean (Bizkaian, eta Gipuzkoako eta Arabako ibar mugakideetan) berba egiten den euskarara egokituta dagoela. Santi Onaindia Baseta aita karmeldarra da testuen bertsioaren egilea, nahiz eta haren egiletza ez den ageri inongo aipamenetan.

 

Liburua zuri-beltzean inprimatu zen, 1943an Argentinan egin zen argitalpenaren moduan, osorik koloreetan zegoen azal batekin, eta ez dator bat jatorrizko marrarekin eta Txikiren marrazkiekin. XABIERTXO berezi baten lehen agerpena izan zen, eta horixe erabili zen Ixaka Lopez Mendizabalen lanaz euskal lurrean egin zen hurrengo argitalpenari begira.

 

Zazpigarren argitaraldia, XABIERTXO bere egilearen eskutik behin betiko Euskadira bueltatu aurretik, XABIERTXO bizkaieraz izan zen –izen horrekin–, eta 1965ean Bilbon jaio zen, “baimen guztiekin”: 

 

“Bear diran baimenakaz. Erregistro-zkia.: 9.182-65. Lege-gordailua: BI 2.113-1965. Gráficas Bilbao”.

 

Berriro ere frankisten zentsura zurruna gainditzea lortu zen. Horretarako, Euskal Herriaren mapa lan honetatik kendu behar izan zen, Karmelek argitaratu zuen XABIERTXOren berrargitalpenean gertatu zen bezala, hartan oinarritzen baita. Gure herriarekiko erreferentzia atxikitzen da testuan, baina mapa, besterik gabe, desagertu egiten da. 

 

Orain bai, azalean eta izenburuan argi geratzen da XABIERTXOren bizkaierazko bertsio bat dela. Egiletza, gainera, berariaz jasotzen da: Aita Onaindia da egokitzapenaren egilea, eta lehen argitaraldi gisa argitaraturik agertzen da.

 

Ordea, kasu horretan ere ez da aipatzen nor den liburu-azalaren sortzailea. Dena dela, Karmel aldizkariaren separataren eta XABIERTXO bizkaieraz liburuaren azal berdinak egiletzari buruzko argibide fidagarriak ematen ditu. Hartaraino ezen baieztatu daitekeen Jose Antonio Retolazaren lana dela hori eta bi argitalpenetan osorik koloreetan marraztutako XABIERTXO txikia Kili-kiliren, urtebete geroago jaioko ziren pertsonaiaren eta mugimenduaren, kopia dela.

 

Barruko orrialdeetan, Txikiren jatorrizko marrazkia berriro berrargitaratu zen, nahiz eta kolore bakarreko tintetan (urdin eta berdeak) erreproduziturik. Lazeria ekonomikoak eta egoerak horretara behartzen zuten, berriro ere. 

 

 

Anchor 28

Lopez-Mendizabal Olano sendia (Ixaka eta Antonia, eta haien seme-alaba Xabier, Izaskun eta Ixiar) 1966ko apirilaren 11n itzuli zen Euskadira.

 

Lopez-Mendizabal Olano sendiarekin batera, XABIERTXO ere itzuli zen. Ixakak eta haren seme Xabierrek egin zuten argitaraldi berria –azken hori argitaletxearen buru zela– (kateko zortzigarrena), “Lopez-Mendizabal enean” egiten zen hirugarrena, eta hala agertzen da zenbakituta. XABIERTXO bere errautsetatik berpiztu zen, 1932ko argitaraldiari jarraituz.

 

Artean Lopez-Mendizabal argitaletxea eratzeko denborarik gabe, argitaraldi berrirako, berriz ere 1951ko argitalpen klandestinoa ahalbidetu zuen inprimategi berera jo zuten: Hijos de M. Álvarez Iraola.

 

Itxura denez, ez zen erraza izan frankisten zentsura gainditzea, baina Ixaka eta Xabier Lopez-Mendizabalek lortu zuten. Bitxikeria moduan, 1967ko argitaraldiaren alea, gaur egun HABEren liburutegian gordetzen dena, zentsuaren organoan gordailutu zenari dagokio.

 

Ixaka Lopez Mendizabalek artean bizirik zela ezagutu zuen XABIERTXOren aitorpena. Bederatzigarren argitaraldia Xabier Lopez-Mendizabalek egin zuen –famili moldiztegiaren ardura berrartua zuen–, eta bere aitaren eta haren lanaren aitorpen modukoa izan zen.

 

1970ean atera zen XABIERTXOren laugarren argitaraldi deritzan hori –hala zenbakiturik agertzen da liburuan– (saileko bederatzigarrena), arlo formalean, 1932koaren beste berrargitalpen bat da.

 

XABIERTXO horrek zabalkunde handia izan zuen gure herrian, nahiz eta ez zion erantzuten Euskaltzaindiak garatu zuen euskara batuaren estandar ortografikoari. Izan ere, hezkuntzan erabiltzen ziren metodo berriek eta euskarazko ikasmaterialek bitxikeria erakargarri bat bihurtu zuten XABIERTXO hori. 

 

XABIERTXOren hamargarren argitaraldia Haurren Nazioarteko Urtearen barruan izan zuen nazioarteko aitorpenak eragin zuen. 

 

Ixaka Lopez Mendizabal 1977ko otsailaren 27an hil zen. Ez zuen ezagutu XABIERTXO Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundearen ohorezko zerrendarako proposatu eta txertatu zutela, eta Boloniako azokan erakutsi, 1979an egin zen Nazio Batuen Haurren Nazioarteko Urtearen barruan izan baitzen hori.

 

Aitorpenaren ondorioz, XABIERTXOren beste berrargitalpen bat egin zen, Lopez-Mendizabal argitaletxearen eskutik. 

 

Azal bigunez aurkeztu zen, eta nazioarteko sariaren aipamena (azalean inprimatua) da 1970eko argitaraldiaren aldean daukan aldaketa bakarra.

 

XABIERTXO haur-liburuen Olinpoan sartua zen, haren orrialdeetatik ludia ikusten ikasi zuten neska-mutilen maitasuna galdu gabe.

 

 

bottom of page